Zubi zaharra, Erdi Aroan La Puente izenez ezaguna, hiribilduaren nortasun-ikurretako bat da; horrez gain, Balmasedara sartzeko antzinako ateetako bat da. Aduanatzat hartu behar da. Merkatari batek bertan geldiarazi behar zuen bere gurdia eta diru-kopuru bat jarri zaindarien eskuetan, aurrera egin ahal izateko. Horrela, zubi-saria ordaintzen zen, Balmasedaren ekonomia-garapenari mesede egin zion Erdi Aroko zerga.





Harginak marka batzuk egin zituen dorreari atxikitako arku txikian -oraindik ere ikus daitezke-, eta haiei esker zehatz dezakegu noiz eraiki zen zubia. Marka horiek bat datoz Menako bi eliza erromanikoetan (Sioneseko Santa Maria eliza eta Vallejoko San Lorenzo eliza) aurkitutako batzuekin. Hori dela eta, zubia XII. edo XIII. mendean eraiki zela esan dezakegu.
Dorrea ondorengoa da. Ezin dugu dokumentu bidez datatu, baina pentsa daiteke XV. mendearen lehenengo erdirako eraikita zegoela.

Lorenzo de Llanok Balmasedaren margolan bat egin zuen 1768an. Bertan, zubi zaharra ageri da eta dorreak almena bat du goiko aldean. Irudi idealizatua izan daiteke edo dorrearen jatorrizko errematea, teilatu batez estali aurrekoa. Ez dago hipotesi horri eusten dion dokumenturik, baina aukera bat da.
Beste sarrera-zubi batzuk
Aintzat hartzen badugu harresiaren bi muturretan dauden ibaiak eta hiribildutik ateratzeko bideak, pentsa daiteke zubi gehiago zeudela gure mendietatik datozen urak igaro ahal izateko. Gaur egun, ordea, ez dago eraikuntza horien aztarnarik. Hala ere, birsortu egin ditugu Balmasedak XV. mendean zituen komunikazio-bideak hobeto ulertzeko.


Birsortze birtualean, zubi zaharraz gain, hiru zubi irudikatu dira. Horietako batek San Severino elizaren ondoan zegoen aterako sarbidea ematen zuen. Zubi horrek Acebo erreka zeharkatzen zuen. Beste bi zubiak zelaiko eta Oserako ateen ondoan daude, eta Kolitza ibaiaren urak zeharkatzen zituzten.
Ibiak
Hala ere, orain arte aipatutako zubiak ez ziren ibaia zeharkatzeko modu bakarrak. Badakigu bi ibi zeudela. Sakonera txikiko bi ur-gune ziren, eta bertatik igaro zitekeen. Horietako batek hiribilduko erdiko atera ematen zuen. Ibi horrek Balmasedara erdigunetik sartzeko aukera ematen zuen: atea zeharkatu eta kale zaharrera iristen ziren. Ibi hori zergatik zegoen galde dezakegu. Oso ibi zaharra izan zitekeen (zubia egin aurretikoa) edo izan liteke merkatari batzuek zama handia eramatean haien gurdi eta zaldiak La Puentera ezin igo izana, eta horregatik egin izana ibi hori.


Beste gunea ibaian gora zegoen, La Puentetik haratago. Gaur egungo Santa Clara umeentzako parkean. Ibi hori zeharkatu bezain laster, lehen aipatutako zubi txikietako batetik igaro behar zen. Gaur egun, ibi horietan, urteko garai batzuetan, oso ur gutxi egoten da.