Skip to content
Portada » Proiektua

Proiektua

2022ko irailaren 9ko aurkezpenaren bideoa

Balmaseda 1487 proiektua, jakin gabe, 2016an hasi zen, hiru dimentsiotan birsortu zutenean Erdi Aroko gaztelua, erreferentzia gisa hartuta Fernando Hierro Díezen xaflak: horiek hiribilduaren 800. urteurrena oroitzeko editatu ziren. Beranduago, 2019. urtearen erdialdean, Gazteluko Muinoaren hondakinak birsortu ziren, eta Balmaseda osorik birsortzeko saiakera baten lehen zantzuak ikusi zituzten.

Edizio-bista erabilitako softwarean

Ondarearen birtualizazioaren mundurako bigarren hurbilketa horren ondoren, software berri bat bilatzen hasi ziren, akabera errealistagoak lortu ahal izateko. Software berri hori erabiltzeak ikaskuntza-prozesu garrantzitsua eskatzen zuen, hura maneiatzeko gutxieneko ezagutzak lortzeko. 2019ko irailaren 1etik aurrera, lortu nahi ziren emaitza eta helburuak zehazten hasi ziren. Helburu horiek proiektuaren garapenarekin batera hedatu ziren.

Urte hauetan zehar, fotogrametria-lanen entsegu txikiak egin dira Gazteluko Muinoan: harresiko horma-atal bat 2018an eta indusketa arkeologikoen sektore bat 2021eko ekainean. Halaber, zubi zaharraren eraikuntza (XII.-XIII. mendeak) birsortu zen. Horren helburua zen ondarearen birtualizazioari buruzko ezagutzak lortzen jarraitzea.

Zergatik 1487. urtea?

1487ko dokumentu bat dago gordeta: Balmasedan tributazioaren mende zeuden etxe-kopuruaren argazki bat. Estima-liburu gisa ezagutzen da, nahiz eta badauden ondare higiezinaren inbentario gisa aipatzen duten erreferentziak ere. Balio handiko dokumentua da, eta, nahiz eta badauden, zaila da Bizkaian antzeko adibide bat aurkitzea. Hari esker, badakigu Balmasedan urte horretan zeuden etxeen gutxi gorabeherako kopurua, gutxi gorabeherako kokapena, biztanle-kopurua (gutxienez tarte bat), labore-kopurua, jabeen izen-abizenak, etab.

Hala ere, adierazi behar da Balmaseda 1487 ez dela urte jakin bateko argazkia. XV. mendeko bigarren erdialdeko Balmasedarako hurbilketa da. Proiektuaren helburua ez da egia absolutua lortzea, baizik eta errealitate argudiagarri batera hurbiltzea, ikerketa historiko eta arkeologikoekin lotuta.

Helburua

  1. Balmaseda 1487 bisitarientzako alternatiba turistiko berritzaile bat izateko asmoarekin sortu da, 3D birsortze-teknologia ezarri baitu gure historiaren une jakin batean.
  2. Ekimena, halaber, dibulgazio historikoko ekintza bat da hiribilduko herritarrentzat, eta gure Erdi Aroko iraganeko oinarrizko gertakari historikoak finkatu nahi ditu.
  3. Proiektuaren beste helburuetako bat da hiribilduko ikastetxeetako ikasgeletara heltzea, unitate didaktiko baten eta ekimenaren kolaboratzaileetako baten azalpenen bidez.
  4. Jarduera ekonomikoa sortzea da beste xedeetako bat, bai bisitariak ostalaritzan egindako gastuaren bidez eta bai udalerriko zerbitzu turistikoen enpresaren bisita gidatuen zerbitzuaren bidez.
  5. Balmasedan jaiotako pertsonen diziplinarteko talde bat sortu nahi da, proiektuari zenbait ikuspegi eta ezagutza-arlo emateko, adituak diren aldetik, hiribilduaren giza kapitalaren balioa azpimarratzeko.
  6. Lehen puntuko bisita gidatua sartzea Balmasedan Europako Ondare Jardunaldietan antolatzen diren jardueretan; horiek urtero antolatzen dira urrian.

Berreraikuntza birtuala edo birsortze birtuala?

Bi kontzeptu horien arteko desberdintasunak ulertzeko, Arkeologia Birtualaren Nazioarteko Printzipioak (Sevillako Printzipioak, 2012) kontsultatu behar ditugu. Printzipio horien arabera:

  • Berreraikuntza birtuala eraikuntza bat ikusiz berreskuratzeko saiakera bat da, ebidentzia fisiko objektiboetan eta arkeologoek eta zientzia historikoarekin lotutako beste aditu batzuek egindako azterlanetan oinarrituta.
  • Birsortze birtuala ikusiz berreskuratzeko saiakera bat da, iraganeko eredu birtual batean oinarrituta, eremu arkeologiko baten une jakin batean, kultura materiala (ondare higigarria eta higiezina), ingurunea, paisaia, erabilerak eta oro har esanahi kulturala barne.

Balmaseda 1487 proiektuak erabaki du birsortze birtuala egitea: pertsonaiak, paisaia eta ingurumena, ekonomia- eta ekoizpen-jarduera, gertakariak, ohiturak, komunikazio-bideak… Hala ere, esan behar da bi termino horien arteko mugak lausoak direla. Zona grisak daude: izan ere, birsortze birtual baten barruan, baliteke eremu edo eraikin batzuek berreraikuntza birtuala behar izatea. Horrek aberastu egiten du birsortze birtual baten zorroztasuna.

Diziplinarteko taldea

Balmasedaren potentziala kontuan hartuta, zenbait gai eta ezagutza-arlotan espezializatutako pertsonak daudenez, proiektuak giza kapital eta talentu hori erabili behar du, birsortze birtuala ahalik eta gehien hurbil dadin Erdi Aroko errealitatera, zoritxarrez ez baitugu hura inoiz ezagutuko ehuneko ehunean. Premisa triste baina erreal hori abiapuntutzat hartuta, lantalde bat osatu da, eta ahalik eta emaitza sinesgarriena lortu nahi izan dute:

Oskar Arroyo Fernández / Proiektuaren logoa

Argazkilaritzaren eta diseinu eta moldaketa digitalaren zalea. Ohiko kolaboratzailea tokiko zenbait elkartetan, ekitaldietarako logo eta kartelak diseinatu eta sare sozialetarako argazkiak atera ditu.

Javi Etxebarria Sainz-Ezkerra / 3D modelatzea eta webgunea

Politika eta Administrazio Zientzietako lizentziaduna (EHU), Lan Harreman eta Giza Baliabideetako Gradua (EHU) eta Giza Baliabideen eta Enpleguaren Kudeaketa Masterra (EHU). 2019az geroztik ondarearen birtualizazioko prestakuntza ari da jasotzen.

Jorge Gómez Balenciaga / Bisita gidatua eta ikastetxeetako dibulgazioa

Turismo-gidaria eta arduraduna Alboan Zerbitzu Turistikoak enpresa-ekimenean. Gurutze Bidearen museoaren arduraduna. Tokiko historiaren dibulgatzailea ikastetxeetan.

Valentín Ibarra Lozano / Aholkularitza historikoa

Zientzietako lizentziaduna EHUn. Liburu hauen egilea da: Crónica de la expulsión de los Judíos. Balmaseda en el fin de la edad media (2017) eta El Castillo de Balmaseda. Orígenes, derribo y resurgimiento (2020) eta Martín de los Heros, héroe del progreso (2021).

Jon Kepa Izaguirre Goyoaga / Paisaia, animaliak eta landareak

Zientzia Kimikoetako lizentziaduna (EHU). Kalitate eta I+G+b zuzendaria da A&B Laboratorios de Bíotecnología enpresan. Parte hartzen du Herritarren Zientzia Behatokian, intsektuen erregistroak kudeatzen eta parkeetako zuhaitzak aztertzen. Behatoki hori Ibercivis fundazioaren proiektu bat da, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioarekin (FECYT) lankidetzan.

Igor Santos Salazar / Aholkularitza historikoa

Historiako lizentziaduna Deustuko Unibertsitatean. Doktorea da Erdi Aroko Historian. EHUko ikertzailea izan da. Gaur egun, Italiako Trentoko Unibertsitateko irakaslea da. Espezialista Gaztela eta Italiako Goi Erdi Aroan. Liburu honen egilea da: Balmaseda Medieval. Una villa en la frontera (2021).

Paloma Sañudo Orizaola / San Juan elizari buruzko aholkularitza

Geografia eta Historiako lizentziaduna, Artearen Historiaren espezialitatean, Zaragozako Unibertsitatean. Bibliotekonomiako eta Euskadiko Arkeologia Eskola Praktikoko ikastaroak egin ditu. Balmasedako Historiaren Museoko arduraduna.

Bingen Urquijo Garay / San Severino elizari buruzko aholkularitza

Liburu honen egilea da: San Severino de Balmaseda: guía del viajero (2001).

Faseak

Proiektua zenbait fasek osatzen dute. Gaur egun, esan dezakegu 0. fasea amaituta dagoela, eta 1. fasean gaudela, bete-betean:

Garapen Iraunkorrerako Herburuak 2030

Proiektu honek Nazio Batuen (ONU) 2030 Agendaren Garapen Iraunkorraren herlburuak lortzen laguntzen du. Zehazki, hurrengo helburuetarako ekintzak aurreikusi dira:

  • 4. HELBURUA. KALITATE ONEKO HEZKUNTZA: proiektu honetarako sarbide unibertsala sustatzen.
  • 8. HELBURUA. LAN DUINA ETA HAZKUNDE EKONOMIKOA: turistak Balmasedara ekartzen eta komunitatean aberastasuna sortzen.
  • 9. HELBURUA. INDUSTRIA, BERRIKUNTZA ETA AZPIEGITURA: herrian orain arte inoiz ikusi gabeko proiektu berritzailea sortuz.
  • 11. HIRI ETA KOMUNITATE IRAUNKORRAK: gure ondare naturalaren babesa azpimarratuz.
  • 12. EKOIZPEN ETA KONTZUMO ARDURATSUA: enplegua sortu eta tokiko kultura eta produktuak sustatzen dituen turismo iraunkorra lortzen lagunduz.

Proiektuaren loga

Hemen jasotzen da orain arte argitaratutako bertsioen zerrenda:

  • 1.0 bertsioa: 2022ko irailaren 9an argitaratu zen.