Gure bidaiaren amaierara iristen ari gara. Gazteluaren muinora iristeko altuera hartu dugu. Leku honetako protagonista nagusia, inolako zalantzarik gabe, hiribildua koroatzen zuen Erdi Aroko gotorlekua da. Gazteluaren paramenturik zaharrenak erradiokarbonoaren bidez datatu dira. EHUk 2021eko ekainean hasi zuen ikerketa arkeologikoan egindako azterketa horiek datu berriak eman zituzten, eta, horien ondorioz, gazteluaren sorrera 1295. urtetik (idatzizko lehen aipamena) 940.-978. urtera atzeratu behar izan zen. Formari dagokionez, ez da erraza izan elementu hori eredu birtualean birsortzea, eta ohartarazi behar da hobekuntzak eta aldaketak egingo direla etorkizunean.




Mendetako utzikeriaren ondoren, leku honek bigarren bizitza bat izan zuen lehen gerra karlistan (1833-1840), alderdi liberalak gotorleku bihurtu baitzuen. Gaur egun, leku horretan gertatu den guztiaren aurriak aurkitzen dira, eta defentsa-gunea berreskuratzeko eta balioesteko asmo handiko proiektu bat dago. Nabarmendu behar da proiektu horretan EHUko Ondare Eraikiaren Ikerketa Taldeak (OEIT) hartzen duela parte, Balmasedako Udalak eta EHUko Kultur Paisaiak eta Ondarea UNESCO Katedrak sinatutako lankidetza-hitzarmenaren barruan.
Gaztelua birsortzeko, abiapuntua Rafael de Lararen 1835ean datatutako planoa izan da. Lau mende geroago, balio eta garrantzi handiko dokumentu horretan, deskribatzen da zer aurkitu zuten gazteluak XIX. mendean izan zuen lehen eraldaketa egin aurretik. Eta horrek XV. mendearen bigarren erdira irits zitekeen gotorlekuaren bertsioari nola ekin azaltzen digu. Pezoia, falsabraga (murru nagusiaren aurreko murru txikia) eta 19 metro inguruko altuera duen dorrea dira Balmasedako 1487 birsortzearen elementu nagusiak.
Bestalde, paralelo historikoak bilatzeko lanak egin dira (Untzueta, XIII.-XIV. mendeak; Portilla, XI.-XVI. mendeak eta Ereñozar, XI.-XIII. mendeak), goialdean zurezko edo teilazko teilatu bat egon zitekeela argitzen lagundu dezaketenak. Hala ere, ohartarazi behar da ebidentzia historiko-arkeologikoaren maila txikiagoa dela, eta halaxe azpimarratu dugu ebidentzia-eskala hori azaltzen duen infografian.
Baso-sistema
Eta altueran gaudenez, begira ditzagun gure mendiak.}Gure egungo baso eta zuhaizti-inguruneak eta XV. mendearen amaierakoa oso desberdinak dira. Urteetan zehar agintarien eta jabeen erabakiek markatu eta moldatu egin dute, eta onura ekonomikoak lortzeak baliabide horien kudeaketaren norabidea zehaztu du, ingurunearen balio historiko kulturalaren edo paisaia-balioaren kaltetan. Lehengai-beharrak, etxe eta burdinoletarako energia-beharrak (adibidez, 1 kg burdin lortzeko 16-20 kg egurrekin egiten diren 4 kg ikatz behar dira), eraikuntza-elementuak egiteko zura erabiltzea (etxebizitzak, elementu arkitektonikoak, ontzigintza), biztanleentzako edo abereentzako elikadura-eskakizunak… Horrek guztiak erabaki du, mendeetan zehar, zein espezie landatu eta moztu eta zein ez.
Gaur egun, eukalipto-sailak aurkitzen ditugu. Garai batean eukaliptoak Monterreyko pinua ordezkatu zuen, hobeto jasaten baitzituen gaixotasunak (papergintzarako erabileran gorakada-urteak). Pinu horiek, berriz, bere garaian burdinoletarako eta ontzigintzarako ugaldu ziren pago eta haritzak ordeztu zituzten. 1496tik aurrera zuhaitz lepatu ezagunak ugaldu ziren. Oraindik ere zenbait lekutan aurki ditzakegu, baina atzera egin behar dugu apur bat, 1487ra arte. Badirudi erromatarren garaitik haritz-, pago- eta pinu-sailak zeudela Euskal Herriko mendietan (espezie horien euskal izenak dituzten idatziak aipatzen dira); 1457an haritzei, pagoei, intxaurrondoei, lizarrei, gaztainondoei, eta abarrei buruzko aipuak daude, eta hori haritz eta pagadi espezie ugari zeudela adierazten duten ikerketa arkeobotanikoek berretsi dute.
Eskuragarri ditugun datuen arabera, onargarria dirudi Balmaseda hiribilduaren inguruko baso naturalak, 1487an, hariztiek eta pagadiek (malda ertaineko eremuetan), artadiek (malda handiko eremuetan) eta sahats, sasi eta abariztien zuhaixkek osatzen zituztela dioen hipotesiak. Sastrakak, berriz, txilardiak, ezkaiak eta erromeroak osatuko zituzten. Belar-formazioak (seguruenik harresietatik hurbil zeudenak) sega-belardiek, mendiko belardiek eta larreek eratuko zituzten. Horiez gain, basoko pinuak ere izango genituzke mendiko goiko aldeetan, ez baita oso espezie zorrotza lurzoruei dagokienez, eta, ondorioz, lur pobreak kolonizatzen ditu. Horiekin batera, gaztainondo, gorosti, lizar, astigar, erkametz, zurbeltz, hurritz eta beste espezie batzuk ere biziko ziren, elkarren artean nahastuta. Bestalde, Cadagua ibaiaren ertzean makal- eta zumar-basoak garatuko ziren, makal-, zumar-, haltz- eta sahats-espeziekoak.
Gaur egun, gure arbasoek gozatu zituzten ia espezie guztiak kontserbatzen jarraitzeko zoria dugu, ez jatorrizko ingurunearen ugaritasun berean, baina biodibertsitatea mantendu dugu, behintzat. Balio kalkulaezineko herentzia horren kudeaketa jasangarri egoki batek baino ez dio eutsiko aberastasun horri etorkizunean.

Eta gure ondare naturalari egindako begiratu honekin amaitzen da bisita berezi hau. Bisita ezberdina eta zuen esperientzia berezia izango zela espero dugu. Baina oraindik goiz da alde egiteko. Gure kaleek merezi dute beste paseo bat. Bertan, inguruko beste plazer bat ezagutuko duzue: edaria eta janaria. Hirigune historikoko tabernak leku ezin hobea dira gaurko goizari amaiera bikaina emateko. Eskertu nahi dizuegu bisita hau zuen lagunei eta senideei gomendatzea, eta espero dugu goiz bueltatzea berriro.